ADIMEN URRITASUNAREN KONTZETOAREN GAURKOTASUNA. (AAMR) 2.002 URTEA |
Honela definitu zuen adimen atzerapena American Assotiation on Mental Retardation (AAMR) elkarteak 1992an:
Adimen atzerapena adimenenaren funtzionamenduan muga funtsezko batzuk izatearekin lotuta dago. Ezaugarri nagusia batez besteko adimen funtzionamendua baino baxuagoa izatea da, egokitzeko gaitasunaren alor hauetako bitan edo gehiagotan ere mugak izatearekin batera: komunikazioan, norberaren buruari kasu egitean, etxeko bizimoduan, jarduera sozialetan, komunitatearen erabileran, auto-zuzenketan, osasunean eta segurtasunean, eskolako eduki funtzionaletan, aisialdian eta lanean. Atzerapenak 18 urte baino lehen azaldu behar du. (Itzulpena guk egina da).
Beraz, AAMRk dio adimen atzerapena (urritasuna esaten diogu guk) ez dela pertsona batek daukan zerbait, begi urdinak izatea edo bihotz ahul bat izan dezakeen bezala. Eta ez da, orobat, pertsona bat den zerbait ere, garaia edo mehea izatea bezala ere. Adimen urritasunak funtzionamendu egoera berezi batekin du zerikusia, haurtzaroan hasten dena eta, adimen aldetiko mugekin batera, egokitzeko gaitasun muga batzuk dituena. Horren ondorioz, ezin dugu esan “pertsona honek atzerapena du” edota “pertsona hau atzeratua da”, adimen atzerapena ez baita inork duen zerbait edo inor den zerbait.
Egokitzeko muga batzuk izateak ez du esanahi, ordea, beste egokitze gaitasun batzuk edo gaitasun pertsonal batzuk oso handiak edukitzerik ez dagoenik, eta hain juxtu ere horixe da adimen urritasunaren kontzeptu berriak sartzen duen faktorerik inportanteena: denbora batean jarraian LAGUNTZA egokiak emanez gero urritasuna duen pertsonari, eskuarki hobeto moldatuko dela bere bizimoduan.
Laguntza horiek osatzen dute, beraz, prozesuaren muina. Izan ere, benetan garrantzia duena da hazkundea, aurrerapena, pertsonaren garapena ez dela gene kontua bakarrik, ez eta sindrome kontua ere, baizik eta, geneekin batera, zeresan handia duela inguruak ere, inguru horrek pertsona batek bere bizimoduan dituen beharrak asetzeko eman dezakeen eta, batez ere, ematen duenak.
Adimen urriko pertsonak ere aurrerapen eta aberastasun sortzaile izan daitezke bizi diren inguruarentzat, besteak bezalaxe.