Inscripciones
DMCorporativewww.atzegi.eus
disminuir fuente ampliar fuente

EZ NAGO GAIXORIK

EZ NAGO GAIXORIK

 

‘Kaixo, ni Gorka naiz eta nire aurpegia deskribatuko dizuet. Nire begiak ezti kolorekoak dira eta gorantz okertuta dauden arren, alaiak dira. Nire belarriak txikiak dira eta apur bat tolestuak daude. Aho txikia dut, eta horregatik nire mingainak den baino handiagoa dirudi.’

 

Koadernoa kontu handiarekin ixten dut, orriak nire belarriak bezala ez tolesteko. Hauek izan dira gaurko etxerako lanak, nire burua deskribatzea. Egia esanda interneten laguntza apur bat izan dut hau egiteko. Magikoa da internet, Google izeneko orrian Down Sindromea idatzi eta nire itxura ia osorik deskribatzen duen toki bat aurkitu dut. Bai, Down Sindromea dut. Orain dela gutxi esan zidaten nire gurasoek, eta orain oso lasai nago. Ez nekien zer gertatzen zitzaidan, zergatik ez nuen nire gurasoen antzik eta zergatik nire lagunek gauzak hain bizkor ikasten zituzten. Kaleko jendeak esaten dit gaixo nagoela,, baina ni ez naiz gaixorik sentitzen. Badakit zer den gaixo egotea, behin tripako mina izan nuen eta oso txarto pasatu nuen. Baina Down Sindromeak ez du minik egiten. Oraindik ez behintzat.

 

Gaur egun berezia da. Erosketa bat egingo dut lehenengo aldiz. Zuku botila bat. Zuku botila bat, zuku botila bat... behin eta berriro errepikatzen dut ez ahazteko. Ez naiz tontoa, gauzak gogoratzen ditut, baina ez dut nire lehenengo erosketan huts egin nahi. Ordenagailua itzali, sukaldeko mahaian dauden giltzak hartu, eta kalera abiatu nahiz.

 

Atsegin dut kalea. Etxea ere bai, baina kalea gehiago. Etxean dena beti berdin dago, kalea mundu berri bat da egunero. Hainbeste kolore, hainbeste jende desberdin. Geldialdi txiki bat egiten dut hodeiak begiratzeko. Nire klaseko lagunei beti entzuten diet aspertzen direla baina ni ez, egun osoa egongo nintzateke hodeietara begira aspertu gabe. Nire bidea jarraitzen dut, eta jatetxe txinatar baten aurrean gelditzen naiz berriro. Oso gustuko ditut txinatarrak, nire antza dutela uste dut, haiek ere desberdinak dira. Jatetxeko jabeak ikusten nau eta eskuekin txinatar begiak jartzen ditut. Jabeak barre egiten du eta nire begien forma imitatzen saiatzen da. Irri egin eta dendarako bidea jarraitzen dut. Beste taberna batetik pasatzean tiro hotsak entzuten ditut. Albistegia da, gauero ikusten dut eta beti beldurtzen nau. Beti berdina da, pertsonak elkar tirokatzen, lapurretak,  bortxaketak... Askotan begiak itxi eta belarriak eskuez tapatzen ditut. Parketik pasatzean, gazte talde bat agure zahar bati ura botatzen ikusten dut. Zelako arraroak diren, nik ez nioke inoiz nire aitonari ura botako. Azkenean, dendara iristen naiz. Atea ireki, eta erosi behar dudana berriro gogoratuz sartu egiten naiz. Dendariak ezagutzen nau, sarri joaten naiz amarekin denda horretara. Nahi dudana eskatzen diot eta berak ‘oso ondo’ esaten dit irribarre handi batekin. Kontuz kontuz, zuku botila eskuetara ematen dit eta dirua patrikan sartzen dit, ez galtzeko. Ez dakit zergatik egiten dituen gauza horiek, portzelanazkoa banintz bezala tratatzen nau. Nire azala biguna da, baina ez da inoiz hautsi kontxo! Dendatik irten baino lehen mutiko bat gaileta pakete bat potxikoan sartzen ikusten dut. Behar bada bere lehenengo erosketa da ere, eta bere amak ez dio erakutsi diruz ordaindu behar dela hartzen dena. Bueltarako bidea hartzen dut, botila esku tartean irmo oratuz. Hura bai da hauskorra. Etxe batetako atarian bikote bat elkarri oihuka ikusten dut, eta bat-batean gizonak emakumea jipoitzen du. Nire etxe ondoko kalean bi neskak ikusten naute eta barrezka zoratua nagoen keinuak egiten dituzte. Down Sindromea dut. Sarritan jendeak esaten dit burutik nagoela, desberdina naizela gaixorik nagoela. Baina nik zoratuta daudenak haiek direla pentsatzen hasia naiz. Zein izango ote da haien gaixotasunaren izena?

Koldo Carranza



Encuentra tu papel

Encuentra tu papel

Campaña actual

Redes sociales
Último boletín
Bolsa de trabajo
Buzón de sugerencias

Buzón de sugerencias